XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUZKADI'REN JAKINTZA. JAKINTZA ABERATSA

Beti entzun dogu, eta sinistu be egiten dogu, Euzkadi jakintza-gaietan oso aberatsa dala.

Erria txikia izanik, eta nondik sortu diran be igarri eziñik, gure eskuetan aberastasun aundiak daukaguz: Izkuntzan, euskalkietan, kondairan, lutelestian, eder-lanetan, eresean, edo musikan, dantzetan, jolasetan, ipuñetan, etxegintzan, lan eta lanabesetan, sal-erosteko artu-emonetan, errijakiturian, erlejiño-gaietan, landara ta abere-gaietan, politikan, gizarte-arazoetan, idazti zarretan eta olako askotan.

ERRITARRAK TXIRO

Ori orrelan izanda, negargarria da gure Erriaren egoerea.

Erritarrik geienak analfabetoak, abedetu bakoak, doguz.

Oso gitxi dira gure artean, Erriaren kondaira, azal-azaletik baiño ez ba'da be, ezagutzen dabenak.

Geure lurra bera zelakoa dan eta zenbat zatik osotzen daben, zenbatek dakie?

Landu bako Erria gara ba, zori txarrez.

Eta ori gauza negargarria da.

Txarrago dana oraindiño: Gure erririk geienak ez dauka ezelako ardurarik erriko jakintzea beraganatzeko.

Ez dabe irakurten.

Ez dabe idazten.

Iñorenganatuta dagoz eta guzti ori erderaz egiten dabe.

Ezaugarri txarrak dira oneik Erri batengan! Orrelan nora doa gure Erria?

ZERGAITIK ORI?

Egoera larri orren oiñarria zein dan jakin gura ba'dogu, ez da gauza gaitxa.

Jakintzak aurrerapenik aundienak egin dituan aldian, iñoren agintaritzapean izan gara eta gagoz gaur be.

Erbesteko agintari oneik lan eta lan ekin dabe gure jakintza au lurperatzeko.

Orretan errurik geien izan dabenak, eskolak izan dira, Isabel II'ak maixuen eskalafoi legea Euzkadi'n sartu eban ezkero.

Aspaldion asi gara ikastolak ipinten.

Lan txalogarria! Baiña oso laburra erri osoa jakintzara eroateko.

Erdi-maillarantza ta Goi-Mailla edo Unibertsitaterantza be egin dira ekiñaldiak, guztiz txalogarriak!, baiña ain urrin elburua ikusten dogula, ezin artu poz aundirik!

URTENBIDEA

Zein urtenbidea, urtenbiderik ba'dago, egoera larri onetatik urteteko?

Buru-jabetza edo autonomia ikusten dogu urtenbide bakar lez.

Gure errietako eskolak ikastola biurtu, gure Institutoak euskal-ikastetxe egin eta gure Unibertsitatea, euskal-Unibertsitate.

Urtenbide gaixea, baiña egin leikena.

ZER LANGILLE

Mailla orretara eltzeko lan egin bearko dogu, batez politika-arazoan eta daukaguzan irakaste-erakundetxuak indartzen.

Politikan, burujabetza lortu bear dogu ainbat lasterren.

Il edo biziko ekintzea dogu ori.

Ikastolak, ikastetxeak eta Goi-Maillako irakaste-lanak indartu bearko doguz.

Baiña gure erri zearen barruan, ikastolara edo Ikastetxera joango ez diran erritarren artean be lan egin bear dogu.

Eta orixe bai dala ZER egiten dogunok gogoz artu gura geunken lana.

Orretarako bai eskatzen dogula laguntasuna!

Euskera errezean, gai irakurte-errezak eta egarria emoteko lakoak erabilli gura doguz.

Erri-jakintzaren ardurarik ez daukenak arduratu gura doguz eta erri-kontzientzia motelduta daukenak, bildur-girorik ezarri barik, arduratu.

ORRETARAKO

Orretarako alkartu gura dogu, eta ondo alkartu be EUSKERAZALEAKaz, gaurko arazoak, ipuiñak, barri azalduak, aberri-arazoak, bertsolariak, baserritarrak, arrantzaleak, idazleak, gizandiak, liburuak agertu ta aztertu... Batez be erri zearen irakur-gurea sortu edo indartu.

Ez da gauza aundirik, egiteko dagon lan ikaragarrian, guk egin geinkena, baiña garautegirako geure garautxuak ekarriko doguz.